XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) krudelkeriagatik gaitzesgarri zen hainbat ekintza burutzera bultzatuz.

Jaiegunetan gazteak gaueko beranduan azaltzen ziren etxera, jantziak urraturik, lohi eta hautsez beteta, aurpegiak maztaildurik, lagunei emandako zartadez zitalki harrotuta; edo minduta, koleratsu, jasandako laidoengatik negarrez, mozkortuta eta egoera penagarrian, zoritxarreko eta higuingarri.

Batzuetan, aitamek eramaten zituzten mutilak etxera.

Edozein tokitan aurkitzen zituzten, kale gorrian harresi baten oinean edo tabernan, konorterik gabe mozkorraren ondorioz.

Agirikaldi garratzak egiten zizkieten, ukabilez jotzen zituzten semeen gorputz ahulduak, vodkak indargetuak.

Gero, kontu handiago edo gutxiagoz, ohera eramaten zituzten lo egin zezaten, goizean goiz, uholde ilun baten antzera sirenaren orroe haserreak airea urratzen zuenean, lanerako esnatzeko.

Gogotik jotzen zituzten semeak, eta errieta egin, baina guztiz legezkotzat hartzen zituzten gazteen mozkorraldi eta sesioak.

Aitak ere, gazte zirelarik, mozkorrak harrapatu eta sesioka aritzen ziren, eta haiek ere gurasoen jipoiak jasotzen zituzten.

Bizitza beti izan zen horrelakoa, etengabe eta astiro isurtzen zen urteetan zehar, norabait, errekasto uher baten irudiko.

Errotik loturik zegoen egunez egun gauza bera egin eta pentsatzeko antigualeko usadio trinkoari.

Eta inork ez zuen eraldatzen saiatzeko gogorik.

Noiz edo behin, nonbaitetik, pertsona arrotzak iristen ziren auzora.

Hain zuzen ere, kanpotarrak zirelako bereganatzen zuten hasieran jendearen arreta, gero azaleko interes pittin bat sortzen zuten lanean ibilitako tokiei buruzko kontuekin, ondoren gauza berrien lilura desagertu, jendea haietara jarri, eta oharkabeko bihurtzen ziren.

Haien esanetan argi eta garbi zegoen: langileen bizimodua berdina zen leku guztietan.

Eta, horrela izanik, zertaz mintzatu, bada?

Baina, noizean behin, haietariko batzuek auzoan sekula entzun gabeko gauzak esaten zituzten.

Inor ez zen haiekin eztabaidatzen, baina mesfidantzaz entzuten zituzten haien hitzaldi bitxiak.

Hitzaldi haiek erresumin itsua pizten zuten zenbaitengan, ezinegon zehazgabea beste hainbatengan, eta argi ageri ez zen zerbait (...)